Bueno, hile bat pasatu da eta oraindik ditugu amamak egon zireneko txango batzuen argazkiak blogean jarri gabe. Hemengo erritmoa hartzen ari gara, bihar egin beharreko lanak hilabete bat atzeratzen dira. Ahorita le resuelvo ese tema, papi, tranquilo papi... eta horrela asteak eta asteak.
Bastimentos irlara joan ginen egun baten. Bertako herritxoa, Old Bank, ez da Bocas bezain turistikoa, askoz autentikoagoa da. Bertan orain dela 200 urte inguru Jamaikatik etorritako beltzen ondorengoak bizi dira. Ez da ia españolik entzuten, guari-guariz hitz egiten dute, ingelesean oinarritutako hizkuntza criolloa, baina fijatu gabe entzuterakoan afrikakoa ematen du.
Old Bank.
Pelikanoak palmondoetan.
Beste egun batean izurdeak ikustera joan ginen amamekin, Dolphin Bay-n. Gero Cayo Zapatillara, eta azkenez Cayo Coralera bazkaltzera.
Izurdeak egunero ikus daitezke Dolphin Bay-n.
Ama eta kumea.
Cayo Zapatilla.
Cayo Coralen, relaxing moment.
Karibeko arrainei arroza botatzen.
Arroza, okela, letxuga... denetarik jaten dute hauek.
Jatetxe polita Cayo Coralekoa.
Bertako ume bat. Hona ez da errepiderik heltzen, itsasoz bakarrik heldu zaitezke.
Beste argazki batzuk.
Amama Arantza Bocaseko pertsonai zelebre batekin hitz egiten. Beti darama ur botila bat buruaren gainean, oinez edo bizikletaz, eta inoiz ez zaio jausten.
Peio bere urtebetzean oparitutako skateboardarekin praktikatzen. Mundakan urtebete bizi izandako venezolano baten pizzerian, ohianean barrena, skatepark hau dago. Hozkailuan euskal-herriko pegatina ugari ditu.
Urriaren 28an Peiok 8 urte bete zituen. Hau ospatzeko herriko hondartzan dagoen eszenatoki batera joan ginen. Umeentzako jolasak antolatu genituen, txutxeak eraman, tarta, piñata... Oso ondo pasatu zuten lagunekin. Peiok faltan botatzen ditu bere Bilboko lagunak, askotan gogoratzen da haiekin, baina esaten diogu datorren urtean faltan botako dituela hemen egin dituen lagunak. Orduan ulertzen du hemen egoten zerbait galtzen dugula, baina beste gauza batzuk irabazi.
Hondartzako eszenatokia.
Gitar-Piñata opariz bete aurretik, jolasean.
Globoen jolasa.
Piñata apurtzeko iladan jartzen dira. Txikitik handira.
Eta bi egun geroago Halloween gaua. Hemen gringo asko daudenez ospatzen dute mozorro jaiak antolatuz eta goxokiak banatzen umeentzat.
Kalera atera aurretik, jendea bildurtzeko prest.
Kai, gure lagun bat, izan zen aurten mozorro txapelketako irabazlea.
Urrian nire bostgarren hamarkadan sartu nintzen. Berriro hogei urte ditut. Berrogei, berriro hogei.
Suposatzen da krisi bat dagoela 40etan, baina nirea urte bat barru etorriko zait etortzekotan, 41 urtekin udazkena heltzen denean, hotza, lana eta galtzerdiak berriro...
Bi opari oso onak euki ditut, alde batetik auto-oparia. Hemengo shaper bati (surf taulak egiten duena) surf taula bat enkargatu nion, nire gustokoa. Neurriak niretzat primerakoak, 6'7, 22, 3, zabala eta potoloa, erraza olatuak hartzeko baina nahiko bizia. Dekorazioa politagoa izan ziteken, baina gustatzen zait.
Eta bestea amamei ezker, umeekin gelditu zirela lau egun Bocas del Toron, eta horrela Ainara eta biok David eta Boquetera joan ginen.
David Panamako bigarren hiririk handiena da, baina 100.000 biztanle baino ez ditu (Barakaldo bezala) Ez da beraz hiri handia, baina irla txikitxo honetan 3 hilabete egon ondoren ezkertzen da erosketa batzuk egitea, jatetxe on batera joatea urtebetetzea ospatzeko, eta zinemara. Zinemak portzierto 2,50$ (1,90€) balio du, eta Bilbokoena bezain ona da, pantaila, jesarlekuak..., eta Hollywoodeko azkeneko pelikulak jartzen dituzte han bezela, guk Gravity ikusi genuen. Ez dakit zelan egon daitekeen holako prezio aldea.
Afaltzera Cuatro jatetxera joan ginen, oso ona, "cocina de autor" esaten dutena, baina toke tropikalarekin, adibidez Taquitos crujientes de yuca con tartar de atún y hummus de frijoles negros edo Ceviche de camarones en salsa dulce y picante de piña...
Cuatro jatetxean, Daviden.
Gero Boqueterajoan ginen. Boquete 1000 metroko altueran dagoen herri txiki polit bat da. Leku turistikoa, Bocas baino freskoagoa da, beti da udaberria han. Iluntzerakoan jertsei fina ezkertzen zen, eta maindirearekin egin genuen lo, sentsazio berria! Bertan egun baten rafting egin genuen eta bestean canopy (tirolinetatik jeitsi). Bidaitxo laburra baina bizia. Opari bikaina!
David - Boquete busa.
Boqueteko jatetxe mexikarra, bikaina hau ere.
Boqueteko hotel bat.
Sombrillaren tamainako hostoak.
Basa orkideak.
Boqueteko bailara.
Canopy egiten.
Zuhaitzen gainetik hegaz egiten, fijatu zaitezte argazkiaren erdian, zeruan.
Bi amamak joan dira dagoeneko. Gaur hartzen zuten hegazkina Panamatik Bilbora.
Egon diren hilabetean ezagutzen genituen bazterrak erakutsi dizkiegu, eta ikusi gabe genituen beste batzuk ezagutzeko aprobetxatu dugu. Hauetako bat Isla Pájaros izan da.
Izarren hondartzatik water-taxia hartuz ordu erdira dago Isla Pájaro. Bocas del Toroko turismo liburuxka eta web guztietan agertzen den irla txikitxoa da, oso ezaguna dituen bi zuloengatik. Batzuen esanetan bi zulo hauek zezenaren muturraren bi zuloak dira, eta horregatik deitzen da hau Bocas del Toro, baina izenaren zergatia azaltzen duten istorio asko daude.
Isla Pájaros erreserba da, bertan txori askok euren kabiak egiten dituzte. Oso polita da irla eta inguruko ur gardenak, koralez josita.